Hiri morfologia
Hiri eredu iraunkor bat lurraren erabilera trinkoan oinarritzen da, besteak beste, eremu naturalaren artifizializazio maila zainduz. Biztanleria-dentsitate aproposa duen lur eremuan baliabide naturalen erabilera murriztea lor daiteke, beti ere, funtzionaltasuna galdu gabe. Halaber, espazio publikoan egiten diren ohiko ekintzen bizigarritasun eta erosotasunerako, hirigintzak espazio berde eta gune irekien proportzio orekatua behar du. Esandakoaz gain, bada aintzat hartzeko beste ardatz bat, espazio naturalak eta biodibertsitate aberats baten presentzia zaintzea, hauek bizigarritasun egoki baterako ezinbesteko elementuak dira.
Horregatik, atal honetan lurraldearen ezaugarri fisikoak aztertzen dira. Biztanleria dentsitatea, auzoen eraikuntza maila eta espazio berde zein irekien proportzioak egokiak diren neurtzen da. Aintzat hartzen ditu, halaber, lurraldearen inundagarritasun arriskua eta orografiaren zailtasunak.
Zerbitzuen eskuragarritasuna
Herritarren bizi-kalitate egokiak oinarrizko zerbitzuak eskuragarri izatea behar du. Ikuspegi horretatik pertsona ororen eskubidea da oinarrizko beharrak aseko dituen zerbitzu azpiegituretara irisgarritasun egokia bermatua izatea. Hirigintza ikuspegi batetik espazio publikoak zenbat eta erabilgarritasun handiagoa izan orduan eta anitzagoa izango da beronen erabilera eta auzotarren arteko hartu-emana. Horrek, ondorioz, zerbitzuetara iristeko beharrezkoa den garraiorako energia murrizteko aukera eman dezake.
Lurraldearen ikuspegi holistiko batetik, hiriek lurraldeko zerbitzuak metatzen dituzte baina bere baitan zerbitzuen banaketa geografikoa ez da beti behar bezain orekatua. Atal honetan, beraz, oinarrizko zerbitzuek duten hedapen-maila neurtzen da. Erabilera eremua gehienez 600 metroko erradioko distantzia da (300 metro, haurrentzako jolaslekuen kasuan; 150 metro, hondakinak sailkatzeko edukiontzien kasuan).
Mugikortasun iraunkorra
Hiriko guneen erabilera funtzional desberdinak direla-eta, hiritarrek eguneroko eginbeharrei erantzuteko hiriko puntuen artean mugitu beharra izaten dute. Desplazamendu hauetan ibilgailu pribatuaren erabilera nagusitu da azken urteotan. Joera honek, espazio publikoaren diseinuan errepide eta aparkalekuen presentzia indartzea eragin du; gainera, mugikortasun eredu honi lotutako energia kontsumoa altua izateaz gain hiriaren kutsaduraren erantzule nagusienetarikoa da.
Mugikortasun eredu iraunkor baterako, hiriko desplazamenduen subjektu nagusia oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoa izan behar dira. Hau lortzeko gako nagusia, batetik, lurraldearen funtzio desberdinen arteko gertutasuna dago (etxebizitza, lanpostua, aisia, zerbitzuak…), eta bestetik, bidegorri sarearen eta garraio publikoaren bidez ibilgailu pribatuaren alternatiba on bat eskaintzea.
Atal honek hiriko eremu funtzional desberdinen arteko desplazamendua modu jasangarrian bermatuta dagoen aztertzen du. Adierazleek bidegorri sareak eta garraio publikoak duten estaldura neurtzen dute, eta auzoek duten ibilgailu pribatuen presentzia txarretsi.
Metabolismo demografikoa
Hiri baten parametro demografiko egokiak zehaztea hausnarketa antzua gerta liteke. Mendebaldeko ezaugarri demografikoak oso presente daude egungo Euskal Herrian, baita bere hiriburuetan ere. Biztanleriaren zahartze prozesua aurrera doa, bizi-itxaropena handia da gurean eta jaiotza kopurua murrizten hasia da indartzen ari diren familia eta bizi eredu berrietara egokituz.
Auzo eta hiri baten metabolismo demografikoa neurtzeko biztanleria fluxuaren joera aintzat hartzeaz gain, bestelako segregazioak ere kontuan hartu behar dira, hala nola belaunaldien artekoa edo sexuen artekoa. Auzo guztietan ziklo demografiko iraunkorra bermatzeko belaunaldien arteko ordezkapena errazten duen egitura demografikoa izatea izan daiteke gakoa, horrek, halaber, berarekin ekar baitezake beste hainbat prozesu iraunkor, hala nola, bizitasun soziala, txikizkako merkataritzaren iraunkortasuna zein hirigintza oreka. Maiz hirigintza arloko planifikazioan belaunaldi segregazioak auzoetan eragiten dituen gorabeherak ez dira beti behar bezala kontutan hartzen. Horiek horrela, atal honetan auzoetako biztanleriaren bilakaera eta zaharberritzea neurtzen dira, auzoetako adin maila desberdinen araberako segregazioa aintzat hartuz.
Kohesio soziala
Auzo eta hiri baten gizarte kohesioa bere geografia barruan gertatzen den elkarrekintza sozialaren ondorioa da eta komunitatearekiko pertenentzia edo atxikimendu mailan ikusten da zenbaterainokoa den. Adostasun komunitarioan oinarrituriko harremanak interes komuneko hiri ikuspegia dute abiapuntu, eta hiritar ororen jatorria, maila sozioekonomikoa edo formazio-maila edozein delarik ere, aukera eta eskubide berdintasuna aintzat hartzen ditu.
Ildo horretan, gizarte kohesioa kuantifikatzeko helduleku interesgarria da zenbait parametroren segregazio geografikoa aztertzea. Jatorriari, formazio-mailari edo gainzahartzeari loturiko segregazio geografikoak gizarte-kohesioa higa dezakete hiri eta auzoetan. Erabilera iraunkorra ez duten etxebizitzen presentzia ere gentrifikazioa (edo gentrifikazio arriskua) identifikatzeko elementutzat hartu izan da, bai eta adinekoentzako egoitzen presentzia zahartzaroaren bizi-kalitatearen elementu bezala.